La Jodedera, Iheskide eta Norte Apache taldeetako kideak Garaten izan dira aste honetan zehar disko berriko koktel musikala osatzen. Koktela diogu, zapore guztietako kantuak egin ditugulako. Guztiak dira ezberdinak eta estilo askotakoak.
Beti bezala, ska eta punka dira nagusi, baina saltsa, hip-hop, reggae, funky… denetarik egin dugu, gure “soiñua aurkitu eta atmosfera berriak” sortzeko. Azken esaldi hau Jebi baxujoleak esandakoa da promo-orrirako. Baina, hobeago izango litzake Musikazuzenean atariko arduradun Koldo Otamendik berak azaltzea zer aurkituko dugun disko berrian, berak ere entzun ahal izan baititu zenbait kantu.
Hitz gutxitan laburbiltzeko, Iraultza sound system bat osatu dugula esan dezakegu. Eta herri iraultzaile bat aipatzerakoan burura etortzen zaigun lehenengoa Kuba da. Bertakoa da Mandi, La Jodedera taldeko abeslari eta perkusionista, nahiz eta orain dela bost urtetatik Tolosan bizi den. Asteazkenean etorri zen Garatera, Askapeñarentzat egin dugun kantuan parte hartzera. Bilboko konpartsa internazionalistak 25 urte beteko ditu 2013an eta kantu bat egiteko eskatu ziguten.
Jai giroan entzuteko abestia izan behar zuen eta ikutu saltsero bat eman nahi genionez, Mandi gonbidatu dugu erritmo gehiago jartzera. Otsailean ezagutu genuen Tolosako ihauterietan La Jodederarekin batera eman genuen kontzertuan. Mandirekin batera beste kubatar batek, Morak ere parte hartu du esaldi iraultzaileak gehituz kantura.
Iheskide taldeko Tronpi eta Xagu ere Garaten izan ziren ostegunean. Udan zehar hainbat kontzertu eskaini ditugu batera eta aspalditik asko gustatu izan zaigun taldea da. Ekainean atera zuten “… Irabazi arte” azken diskoa bikaina da.
Une honetan, Euskal Herriko eszena musikalean matxinatuen aldeko ereserkiak egiten dituen talde bat badago beraiek dira. Sekulako indarra dute eta horren lekuko “Arrano beltzaren hegaldiak” kanta daukazue. Bost hilabetetan ia 70.000 bisita izan ditu youtube-n eta hori kristona da komubikabideen inongo laguntzarik ez duen talde batentzat.
“Demokraziaren seme-alabak” abestian parte hartu dute Iheskideko lagunek. Xaguk gitarra bat sartu du kantuari indar gehiago emateko eta gero bi ahotsetan abestu du estrofa bat Tronpirekin batera.
Norte Apache, Ezkerraldetik
Esan bezala, gustu anitzeko koktel musikala osatu dugu eta rap pixkat ere jarri behar genion saltsari. Horretarako Norte Apacheko lagunak gonbidatu ditugu abestera. Rayco eta Ibon MC-ak Negu Gorriak taldearen “Amodiozko kanta” abestian egin dugun moldaketan parte hartu dute. Oso ondo pasatu dugu kantuan nola murgiltzen ziren ikusita. Hasieran lotsati aritu dira, baina laster ahaztu dute eta beraien ikutua eman diote kantuari. Handiak dira eta Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera ere jaso dute dagoeneko. Azaroan Bartzelonan izango dira EH Sona jaialdian. Ezkerraldetik rap-a euskaraz gehitzea zen falta zitzaigun bakarra. Ezin dugu aipatu gabe utzi, Aitorrek, Norte Apacheko DJ-ak ere lagundu digu beste kanta batean scratch-ak sartzen.