Twitter


Facebook

Euskaraz bizi, Legutiotik… mundura

Dale Candela Tour martxan da jada. Lehenengo geltokia Legutio izan da eta hurrengo kontzertuak Durangoko Azokan eta Bilboko Kafe Antzokian izango dira. Horren ondoren, urteari amaiera emateko Kubara goaz.

Bizitzak ematen dituen opari handi batekin eman genion amaiera urte osoan zehar murgildurik egon garen “Basque of Brixton” birari. Ez dugu atseden hartzeko tarterik hartu, eta egindako lanari esker sari batekin ospatzeko aukera jaso dugu. Lehen aldiz Euskal Herritik kanpo jo dugu eta non eta hainbeste miresten dugun The Clash taldeak gorazarre egiten dion Brixton auzoko JAMM aretoan. Izen batzuk aipatzearren Mad Professor, General Levy edo Pete Dohertyren kartelak zituen hormetan itxatxita.

Nortasun handiko tokia zen, jamaikar jatorriko hainbat bizilagun batzen dituen auzoan kokatua eta bertako kaleetatik mugitzerakoan amets bat bizitzen ibili ginen. Guzti horri euskal preso politikoekiko elkartasun kontzertu bat izan zela gehitzen badiozu eta bertan izan ginen talde guztien artean giro bikaina, beti gogoratuko dugun eguna izango da.

 

Hori bai, Londresera joateak gure herria zein txikia den ohartzeko ere balio izan digu. Txikia, ez hobeago ez txarrago. Ezberdinak, ez gehiago ezta gutxiago.

 

Eta ezberdin egiten gaituen arrazoietako bat gure hizkuntza euskara da. Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Eguna eta horren harira, jaialdia antolatu zuten Legution. Dale Candela Tour-eko lehen geltokia izan da eta Skakeitan taldearekin batera jo genuen. Gazte hauek zer esana emango dut musikaren munduan lanean jarraitzen badute. Oraindik gogoan dugu 2010eko apirilean Santurtziko La Kelo gaztetxean beraiekin batera eman genuen lehen kontzertuan nola trenez eta autobusez egin zuten bidaia kotxerik ezta karnetik ez zutelako.

Hotz handia egin arren, giro beroa egon zen Legutioko frontoian. Gaztetxoak ikus zitezkeen lehen lerroetan eta disko berriko zenbait kanta frogatzeko baliatu genuen kontzertua. Zollon gertatu bezala, Mandragora abestiak lehen akordetik egin zuen eztanda publikoaren garunetan.

 

Esan bezala, Dale Candela Tour hasi besterik ez da egin eta hurrengo kontzertua Durangoko Azokan eskainiko dugu. Abenduak 7, ostiralean, izango da arratsaldeko 18.30etan Ahotsenean. Disko berria aurkezteko baliatuko dugu, azoka osoan zehar Mauka musikagintzaren stand-ean salgai izango dena 8 euroren truke.

 

Abenduaren 13an berriz, disko berriaren aurkezpen ofiziala egingo dugu Bilboko Kafe Antzokiak. Gonbidatu bereziak izango ditugu, errepikaezina izango da kontzertua. Beraz, hobe aukera ez galtzea sarrera ere dohainik izango baita.

 

Azkenik, urteari bukaera Kuban emango diogu bost-sei kontzertutako bira txiki batekin. Baina ez da atzerrira joango garen aukera bakarra izango martxoan Irlandara joateko gonbidapena jaso baitugu. Baina hori aurrerago zehaztuko dugu.

 

Dale Candela!!!

 

Data →
2012/12/03

Utzi iruzkin bat






Cookie-ak erabiltzen ditugu, baina datu pertsonalak ez ditugu gordetzen [informazio gehiago]
Utilizamos cookies, pero no guardamos datos personales [más información]

ACEPTAR
Aviso de cookies